XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2711

AGINDUA.

1993ko uztailaren 21ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuarena, 1993-94 ikasturteko Abelino Barriola sarirako deia egiten duena.

Hezkuntzaren eginkizun nagusietakoa izan ohi da, jakina denez, eskolaumeen irakurmena landu eta testu idatziak ahoz adierazten erakustea.

Hizkuntzaren ahozko adierazmena bapateko mintzamenez mamitzen da nagusiki.

Hala ere, garrantzitsua da gaztejendeak behar den erraztasunez, ebakera zuzenez eta doinuera egokiz irakurtzen jakitea.

Behar hori are nabarmenagoa da jendaurreko erabilera-eredu zuzenak aski mugatuak dituzten eremu urriko hizkuntzen kasuan: hor sartzen da, bete-betean sartu ere, euskararen egoera.

Belaunaldi berriek euskaraz egiten ondo jakingo badute, boz goran prestu irakurtzen jakin beharko dute, besteak beste.

Eta ondo irakurtzen, bistan denez, eskolan ikasi beharko dute nagusiki.

Irakasleen zeregina eta eragimena funtsezkoa da alor honetan: garrantzi handia du, alegia, irakasleak umeen irakurmen-lanketari zenbateko atentzioa eskaintzen dion eta zer-nolako irakaspidez baliatzen den.

Euskara jendaurreko komunikabideetara (euskarazko irrati-telebistak, megafoniazko azalpenak, ...) zabaltzen ari den honetan, bestalde, aski nabarmen agertzen ari da euskal belaunaldi berrien boz gorako irakurmena asko hobetu daitekeela.

Hobekuntza-bideak huts-hutsean eskolaren esku ezin utz badaitezke ere, eragile nagusi eta garrantzitsua izan daiteke berau.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, behar honetaz jabeturik, xede hori lortzen lagunduko duten baliabideak indartu nahi ditu.

OINARRI ARAUAK

1. - 1993-94 ikasturteko Abelino Barriola irakurmen eta deklamazio-lehiaketa jakinaraztea.

2. - Helburu bi ditu Abelino Barriola sari-lehiaketak:

- Euskaraz irakurtze- eta deklamatze-kontuan emaitza hoberena lortzen duten ikasgelei berariazko saria eskaintzea.

- Deialdiaren helburu diren emaitzak lortzeko ahalegin berezia egin duten irakasleei eta ikastetxeei merezimenduzko aipamena egitea.

3. - Lehiaketa honetan 1993-94 ikasturtean hurrengo atalean zehazten diren mailetako ikasgelek parte hartu ahal izango dute.

4. - Eskolaumeen maila eta eredu desberdinak kontuan izanik, lau multzotan banatuko dira Abelino Barriola sari-lehiaketara aurkez daitezkeen ikasgelak: